.
.
ETXEBERRITXU
.

Etxeberritxu baserriaren inguruko lehen aipamenak XVIII. mendeko idatzizko dokumentu batzuetan agertzen dira.
Hala ere, baserriaren egiturak dexentez zaharragoa dirudi, ziurrenik XVI. mendearen bukaeran edo XVII. mendearen hasieran eraikia izango zelarik.

Azken hamarkada hauetan ez da bertan inor bizi izan, eta ikuilu gisara erabili da. Etxearen ipar aldea duela gutxi berritua izan da ordea, etxebizitza bat egiteko asmoz. Berrikuntza honek ez du egitura nagusian inolako aldaketarik eragin.

Etxeberritxu Pagoeta mendiaren ipar hegaleko ordeka batean kokatzen da, eta bi solairuetan zehar banaturiko 245 metro karratuko azalera du. Behe solairua ikuilu gisara erabiltzen da, eta teilatupeak biltegi lanak egiten ditu.
Sarrera nagusia etxearen ipar ekialdean dago. Hego ekialdeko etxaurrean aldapatxo bat ikus daiteke, lehen solairuko ganbarara iritsi ahal izateko eraikia izan zena. Ipar mendebaldeko etxaurrean, etxebizitza lanak egiten dituen tamaina txikiko eraikuntza bat dauka atxikita, ondorioz baserria ekoizpen funtzioetarako erabiltzen da soilik.

Eraikuntzaren behe solairua burnizko euskarri batzuekin babestua dago, euskarri hauek ez dira jatorrizkoak. Teilatupean ordea, jatorrizko egurrezko egitura mantentzen da oraindik.

Etxeberritxu baserria elementu babestu gisa ageri da  Euskal Herriko “Behin-behineko Ondare historiko-arkitektonikoaren” zerrendan, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko kultura ondasunen zerrendan ere.

 

OLABERRIKO UDALA