.
.
ETXESAGA BERRI
.

Etxesaga berri baserriaren inguruko lehen aipamenak XVI. mendekoak dira.

Mende horretako erdialdean, Olaberriako 24 etxe garrantzitsuenetariko bat izatera pasa zen. Baserri honi izen ezberdinak eman izan zaizkio historian zehar: Isasaga de yuso (1603), Isasaga de abaxo (1649), Isasaga la nueva (1649) eta Ichasaga berria (1741).

1643 urte inguruan Pedro Arteagak baserria berritu zuen, sagardoa egiteko dolare bat erantsiz. Gertakizun hau geroztik, gaur egungo izenaz ezagutua izan da.

Etxe honen ezaugarri arkitektonikoek diotenez, XVII. mendearen erdi partean eraikia izan zen ziurrenik. Aipagarria da baserria zein egoera onean kontserbatu den. Hori dela eta Olaberriako arkitektura zibileko adibide egokienetarikoa da.

Famili bakarreko baserria da, hiru solairutan banatutako 343 metro karratu dituelarik: Upeltegi gisa erabiltzen den eta sagardoa egiteko dolare mekanikoa dituen sotoa, ikuilua eta etxebizitza dituen behe solairua, eta teilatupea, zeinetan biltegi bat eta zenbait gela kokatzen diren.

Jatorriz, baserriak bere barnean dolare bat eduki ohi zuen. Goi partean sagarrak gordetzen ziren eta sagarren azpiko solairuan azpila zegoen. Gaur egun ikusgai dago oraindik  muztioak upeltegira iristeko zeharkatzen zuen ubide txikia. Orain duen dolare mekanikoak ordezkatu zuen sistema zahar hau.

Etxesaga berri baserria Euskal Herriko “Behin-behineko Ondare historiko-arkitektonikoaren” zerrendan sartua dago.

OLABERRIKO UDALA