.
.
ETXEZURI
.

Etxezuri baserriaren inguruko lehen erreferentziak XVI. Mendekoak dira, garai hartan Olaberriako hogeitalau etxe nagusietarikoenen artean kokatzen zelarik.

Baserri hau bi izenez ezagutua izan da historian zehar, Echeverria la Blanca (XVI. mendean) edo Echezuria (XVII. mendean).

Gaur egun erainkuntza bi solairutan banatua dago, ostalaritza zerbitzurako jangela lanak eginaz. Aintzina etxe edo ukuilu gisa erabili izan ziren ordea.

XX. mendean zehar jasotako erreformen ondorioz, hasiera batean izandako eraikuntzaren zantzuak ez dira ia ageri. Horrela, etxeko sarrera nagusia, garai batean hego etxaurrean kokatua, terraza bat egiteko itxi zen. Hau sagardoa egiteko erabiltzen da gaur, beraz sarrera eraikinaren iparraldera mugitu da. Bestalde, ganbararako sarrera ekialdean aurkitzen da, benetako sarrera tximista batek suntsitu ostean.

Kubierta azpiko solairuan eraikuntza zaharraren zati batzuk antzeman daitezke, ezaugarri sinpledunak hauek. Eskuin hankadun errenkada batez osatuak daude, eta hauek kubiertaren gailurra eusten duten zapata batzuk dituzte. Pieza hauetako bakoitzak habe lagungarri batzuk dauzka ezker-eskuin. Habeak perimetroko ormetaraino zabaltzen dira tirante batzuei esker. Azken hauek zurtoin batzuetara lotuak dituzte euren buruak egurrezko zirien bidez.

Etxezuri, elementu babestu gisa ageri da Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko kultura ondasunen zerrendan.

 

OLABERRIKO UDALA