.
.
OTSOATEGI
.

Otsoategi baserriaren inguruko lehen idatzizko erreferentziak XVI. mende erdialdekoak dira. Idatzi hauen arabera Olaberriko hogeitalau etxe nagusien artean kokatzen zen.

Historikoki izen ezberdinez ezagutua izan da baserria: Echeverria de Ochoategui (1590), Osoategui (1602), Ochoategui (1611) eta Ochoa (1642).

Errekalde auzoan kokaturik dago, Arramena mendiaren hego-ekialdeko penditz txikidun hegal batean. Bi solairutan banatutako 430 metro karratudun etxea da. Behe solairua ikuilu eta etxebizitza gisa erabiltzen da, goi solairua aldiz biltegi moduan. Bi solairuetara irits daiteke zuzenean kanpokaldetik. Bigarren solairura heltzeko garaiera altuagoko gune batetik jo behar da, ondoren arrapala bat igoaz.

Hego-ekialdeko etxaurrean armarri bat ageri da, herri osoan aurkitu den bakarra izanik, Otsoa familiari dagokiona eta baserriari izena ematen diona.

Gaur egungo egituraren zati handi bat XVII. mendekoa da. Baserria zenbait aldiz berritua izan da, beti ere aurreko eraikuntzaren piezak birrerabiliz.

- Otsoategi baserria Euskal Herriko “Behin-behineko Ondare historiko-arkitektonikoaren” zerrendan sartua dago. Horretaz gain elementu babestu gisa ageri da Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko kultura ondasunen zerrendan.

OLABERRIKO UDALA