.
.
SAGASTILLUNA
.

Sagastiluna edo Sagastilune izeneko baserria, Olaberriko arkitektura barrokoaren erakusle da eta Errekalde auzoan kokatzen da, Arramena mendiaren hego-ekialdean, penditz nabarmeneko hegal batean.

Hiru solairutan banaturiko 680 metro karratuko azalera du. Behe solairuan ikuilua, etxebizitza eta ezkaratza aurkitzen dira. Lehen solairua ere etxebizitza funtziora bideratua dago. Teilatupea biltegi gisa erabiltzen da. Gainera beste gela bat lortu da, mendiaren penditza baliatuaz.

Eraikina berriki eraiki zuen Olaberriko Kontseiluak 1710 eta 1712 urteak bitartean, bere izen bereko parajean. Idazki batzuetan ageri denez, Etxeberri Goikoa baserriaren jabeek euren kexak azaldu zituzten hasiera batean, baserri hau eraikitzeak euren interesei kalte egiten omen zielako.

Baserriaren jatorrizko egitura kontserbazio egoera onean aurkitzen da gaur egun, garrantzi gutxiko aldaketak jazo dituelako bakarrik. Eranskin batzuen eraikuntza edo bao batzuk zabaldu edo ixtea, besteak beste.

Sagastiluna baserria elementu babestu gisa ageri da Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko kultura ondasunen zerrendan.

OLABERRIKO UDALA